Hizkuntzen Trataera (HTB)

Ikasle gehienak eleaniztunak dira jada, eta gertakari horrek ikasleen hizkuntza-ezagutzarekiko aurrez aurre kokatzera behartzen ditu irakasleak, irakasteko moduak berriz pentsatzera eta egokitzera, eta, bereziki, Hizkuntzen Trataera Bateratuari arreta berezia jartzera.

Hizkuntzak curriculumean bateratuta irakastea hainbat ebidentziaren ondorioa da. Alde batetik, ikasle elebidun edo eleaniztunak hainbat hizkuntza eta haietan ikasitako ezagutzak ditu une oro, bere dotazio kognitibo eta emozionalaren baitan. Bestetik, transferentzia-prozesuak oinarrizkoak dira giza adimenean, hizkuntzak aldi berean hor daude ikasleek parte hartzen duten inguruneetan (familia, ikastetxea, ingurune birtuala, taldea…), eta hein handi batean antzekoak egiten dituzten ezaugarriak dituzte.

Egiaztapen horiek aski dira bakoitzari dagokiona emateko beharra zehazteko, eta hizkuntza guztietan bat datorrena partekatzeko, betiere hizkuntza bakoitzaren erabilera egokiaren zerbitzura.

IKASTETXEAREN HIZKUNTZA PROIEKTUA

Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua ikastetxeak berak egin behar du, eta bertan jaso behar ditu ikastetxean hizkuntzak ikasi eta erabiltzeko alderdi guztiak, ikastetxearen hizkuntza-testuingurura egokituta. Hizkuntza-proiektuan jasotako ikaskuntza-prozesuan hizkuntzak nola irakatsiko eta erabiliko diren finkatuko du hizkuntza-proiektuak, eta zehaztu egingo zer-nolako trataera izango duten hizkuntzek curriculum-proiektuan.

Agiri horretan jasotako erabakiek zuzenean eragingo dute ikastetxeko beste agiri batzuetan: Antolakuntza- eta Jarduera-araudian, Urteko Planan, barne- eta kanpoharremanak arautuko dituzten printzipioetan, eta abarretan.

Hzkuntza-proiektuak prestatzeko, kontuan izan behar da hizkuntzak tresnak direla, zein den ikusmolde metodologikoa eta hizkuntzak osotasunean landu behar direla. Hizkuntza-normalizaziorako proiektua ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren atala izango da.